XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) konformazioa eta epeletako zehaztasun-forjaketa kontsidera daitezke.

- Eta amaitzeko, piezaren gainazalaren kalitatea.

Aplikazio askotarako gainazalaren akaberak garrantzi handia dauka.

Atal honetan ere ingurunearen eragina (korrosioa adibidez) kontutan har daiteke.

Komenigarria da hiru ikuspuntu horiez gain azken urte hauetan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den beste ezaugarri bat ere kontutan hartzea, ikuspuntu ekologikoa alegia.

Honen barnean, altzairuak duen birziklatzeko ahalmena, altzairugintzan sortzen den kutsadura eta abar kontutan hartzen dira.

Gaur egun merkatuan altzairu-mota asko dago, haien kopurua 2.000 baino handiagoa izanik.

Horietariko batzuk nahikoa arruntak dira eta haien produkzioan, maila teknologiko egokia edukitzea baino garrantzitsuagoa da burdin-meategiak izatea eta energia edo laneskuak merkeak izatea.

Ondorioz, gero eta gehiago altzairu-mota horiek hirugarren munduko edo oraindik industrializatze-bidean dauden herrietan egiten dira.

Hala ere, propietate bereziak eduki behar dituzten beste altzairu-mota asko ere badago eta altzairu horiek ezin dira produzitu materialen teknologia eta zientzia menperatu gabe.

Gaitasun hori une honetan herri industrializatuen eskuetan dago.

Euskal Herriko altzairugintza ere zalantzarik gabe herri industrializatuen taldean sartzen dugu, honek dakartzan abantaila eta desabantaila guztiekin.

Altzairuaren garapena bi adar nagusitan oinarriturik dago.

Alde batetik, aldaketa batzuk (konposizio kimikoaren hobekuntza, ijezketa kontrolatua eta tratamendu termomekanikoen erabilpena adibidez) egiten ari dira materialaren propietateak hobetzeko asmoz eta bestetik, produkzio-mailan hobekuntzak sartu dira altzairuaren produktibitatea edota prezioa konpetitiboagoa egiteko (ijezketa jarraiaren garapena, osagaien fabrikazioa ia bukaerako formen teknikak erabiliz, lantegi trinkoak eta abar).

Ikuspuntu desberdin hauek ez daude guztiz banaturik eta askotan (ia kasu gehienetan esan beharko genuke), ikuspuntu batean oinarritutako aldaketaren batek eragina izaten du beste arlo batean ere.

Idazlan honetan altzairuen propietate mekanikoak hobetzeko metalurgia fisikoak eduki duen garrantzia kontutan hartuko da.

METALURGIA FISIKOA: ALTZAIRUAREN HOBEKUNTZAREN OINARRIA

Edozein materialen propietate mekanikoak bere egiturarekin erlazionatuta daude.